XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) zazpi urtez atezain izandakoa bertan eta hirian ongi ezaguna zena eliza hartako elizkizunetara joan ohi ziren guztien aldetik.

Zangoetariko bat gabe ikusi izan zuten denbora luzez, baina gorputzadar hori berreskuratu egin bide zuen hankondoa olio santuz igurtzi ondoren, eta kardinaleak diosku bi hankekin ikusi zuela.

Mirakulu hau eliza hartako kalonje guztiek abalatu zuten, eta hiriko biztanlego osoari ere deitzu zitzaion gertakaria berresteko, honek beronen debozio gartsuz mirakuluan erabat sinesten zuela aurkitu zuelarik gure kardinaleak.

Kontatzailea ere, kasu honetan, delako mirariaren garaikide zen, izaeraz sinesgabe eta libertinoa izateaz gain, jeinu handikoa; mirakulua bera, hain bakana izatez, faltsifikaziorik nekez onar zezakeena, eta lekukoak asko kopuruz eta testifikatzen zuten gertakariaren ikusle, nolabait, guztiak.

Gainera, ebidentziari are indar gehiago damaiona, eta gure sorpresa oraingo honetan bikoitz dezakeena, historia kontatzen duen kardinaleak berak ere ez diola itxuraz inolako sinespiderik ematen, ezin dugularik, beraz, iruzur sakratuan eskuhartzeaz susmagarritzat jo.

Zuzen uste izan zuen, horrelako izaerako gertakari bat ezesteko, ez zuela testigantza zehatz-mehatz errefusatu beharrik, eta horri sorrera eman zioten sineskortasun eta bilaukeria bakoitzean arakatzen ibili beharrik faltsutasunaren bila.

Bazekien jakin, erabat ezinezko izanik hau normalki edozein espazio eta denbora-tarte laburrean, guztiz zaila izango zela orduan, nahiz eta norbera hantxe bertan suertatu, kontu eginik gizateriaren zati handi baten fanatismoa, ezjakintasuna, maltzurkeria eta zapokeria.

Horregatik konkluditu zuen, arrazonatzaile peto baten gisara, ebidentzia hark gezurra zeramala bere kopetan, eta edozein giza testigantzan oinarrituriko mirakulua barregarri zela gehiago eztabaidagarri baino.

Ez da izan seguraski inoiz pertsona bati egotziriko hain mirakulu-kopuru mardulik oraintsu Frantzian egin omen direnen parekorik, bere saindutasuna dela eta herria horren luzaro engainaturik eduki duen Jansenista entzutetsua (...).